Sartu zure txokora












Samaniego Bloga
Helburu Orokorrak

Samaniego Herri Ikastetxearen xede nagusia zera da: ikasleen heziketan diharduten guztiek arduraz partehartzea ondorengo helburuak lortzeko:

  • Hezkuntzaren kalitatea etengabe hobetzea, hausnarketan, lankidetzan eta prestakuntzan oinarrituz.
  • Ikasten dena praktikan jartzea: ezaguerak erabiltzea, funtzionala izatea. 
  • Euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu garbia egitea.
  • Gizartean txertatua eta konprometituta izatea.
  • Ingurumenarekiko errespetua eta konpromisoaren aldeko jarrera garatzea.
  • Berrikuntzak eta teknologia berrietan trebatzea.
  • Eskola komunitate osoan elkarbizitza positiboa sustatzea.
  • Beste erakundeekin elkarlanean aritzea (udaletxea, herriko elkarteak, Hezkuntza Saila...)
  • Bereizkeria jarrerak saihesteko (adina, sexua, arraza, ezaugarri fisikoak zein psikikoak, sinesmenak, klase soziala eta beste ezaugarri indibidualak zein sozialak) berdintasunean heztea.
  • Hezkuntza inguruan sortzen diren eztabaidetan parte hartzea, eta gure iritzia eta printzipioak horretarako irekita dauden foroetan azaltzea.
  • Aisialdia pertsonaren garapen osoaren atal garrantzitsua denez, eskolaz kanpoko jarduera osagarri egokiak bultzatzea. 

Eguneroko jarduerei dagozkion helburu orokorrak

  • Ikasleak herritar parte hartzaile izateko trebetasunetan ohitzea, bi ardatz hauetan oinarriturik: euskara eta euskal kulturaren zabalkundean, eta ingurumenaren kalitatean eragina duten jarreren bultzada.
  • Ohiko jardueretan eta partaide den gizarte taldeetan (familia, eskola, lagun taldea, auzo herria) AUTONOMIAZ jokatzea, bere posibilitate eta mugak onartuz eta bere buruarengan konfiantza maila egokia lortuz.
  • Talde ekintzen planifikazioan eta gauzatzean partehartzea, dauden arau demokratikoak onartuz, bere helburu eta interesak taldeko beste kideekin kontrastatuz eta norbere ikuspegien esklusibotasunari uko eginez, dagozkion erantzukizunak onartuz.
  • Egoera sozialetan (eskolako lanean, jolasetan, elkarrizketa eta eztabaidetan, elkarlanean…) harreman orekatu eta eraikitzaileak lortzea, portaera egokien arauak behar den bezala erabiliz.
  • Inguru fisiko eta sozialari buruz barneratutako ezaguerak eguneroko bizitzan sortzen zaizkion arazoak konpontzen erabiltzea, modu autonomo eta sortzailean, eskura dauzkan teknologi errekurtsoak kritikoki maneiatuz eta behar izanez gero ikaskidearen laguntza eskatuz.
  • Giza taldeetako  kide den eran, euren arau, balore eta kultur ezaugarriak ezagutu eta modu kritiko batean balioa ematea.
  • Gizakion bizitzan jarrerek eta baloreek duten garrantzia estimatzea, horiek bere garapenerako daukaten eraginaz ohartuz.
  • Inguru fisiko-sozial eta giza ekintzen arteko erlazioak finkatzea (lanekoak, kulturalak, aisialdikoak), desberdintasun sozialak ezagutuz eta baloratuz, sor daitezkeen bereizketak errefusatuz.
  • Bere ingurugiroko ezaugarriak ikertzea, pertsonen bizitza kalitatearen oinarrizko elementu bezala baloratuz eta bere neurrian inguru horren defentsa, mantentze eta hobetze lanetan jardutea.
  • Eskolan edo eskolaz kanpo jasotzen duen informazioa, arauak eta iritziak onartzen saiatzea, norbere irizpidea eraikiz eta ondo egindako lanarekiko jarrera baikorra agertuz.
  • Euskaraz, gazteleraz eta gutxienez atzerriko hizkuntza batez ahozko eta idatzizko mezu zuzenak ulertzea eta autonomiaz sortzea. Hizkuntza horiek komunikatzeko, norbere pentsamoldea antolatzeko eta erabileraren inplikatuta dauden prozesuan gainean gogoeta egiteko erabiltzea. Euskara eskolako kide guztien arteko komunikabide gisa erabiltzea.
  • Eginbeharren aurrean, informazioa jaso, aukeratu, antolatu, aurkeztu eta erabakiak hartzeko prozedura egokiak erabiltzea, lana egiteko orduan denbora eta egoera planifikatuz.
  • Espresio modu desberdinak erabiltzea (aho-hizkuntza, musika, gorputz eta eskulanak) bere iritziak, sentimenduak eta desioak adierazteko, sentiberatasun estetikoa eta sormenerako gaitasuna progresiboki garatuz. Arte adierazpenak baloratzen eta disfrutatzen ikastea.
  • Bere gorputzaren garapenean, garbitasuna, elikadura eta jarduera fisikoa duten garrantziaz ohartzea, osasunerako heziketa lortuz.
  • Neska eta mutilek dituzten sexu diferentzietatik abiatuz eta gizarteak banatu duen rol bereizketa onartu gabe, berdintasunean heziketa, auto-estima eta autonomia oinarritzat hartuz.

Helburu horien lorpenarekin, Lehen Hezkuntza amaitzean, gure ikasleen autonomia, sozializazioa eta oinarrizko tresnen ezaguera gauzatuta geratzen da.